36ko historia

36ko  historia

Nafarroa lurralde karlista zen,

batez ere, 1936an. Eta hasieratik agertu zen Franco, Mola eta beste jeneral batzuek emandako kolpearen alde, gehien-gehienean. Hemen ez zen guda fronterik izan, eta hala ere, 3.452 lagunetik gora hil zituzten. Heriotzen ondotik errepresioa etengabea izan zen; errepublikarren suntsitzeari emakumeenganako berealdiko errepresioa jarraitu zitzaion, laido publikoa, ile mozketak, paseo lotsarazleak, eta batzuetan, bortxaketak ere jasan behar izan baitzituzten.

Kartzelaz eta erbesteratzeez gain, familia errepublikarrek euren lur eta ondasun guztien lapurreta pairatu zuten. Eta, batez ere, umilazio eta isiltasun orokorra. Urte gogorrak izan ziren oso gure familientzat.

Trantsizio garaian, gertaera haiek eta haien memoria ezabatu egin zituzten. Eta urteetako ahanzturari eta oinazeari ez zitzaion konponbiderik eman. Horregatik dira beharrezkoak horrelako ekimenak, justiziaren huts egite hura zuzentzeko.